Megaupload itxi dute. Zergatik?

Txat bidez jaso nuen mezua: “Megaupload itxi dute eta Anonymousek FBIren web orrialdea erasotu du“. Lehen momentuan harrigarria iruditu zitzaidan, baina 10 minutu ondoren gauzak argi nituen. Juxtu WordPress, Google eta Wikipedia bezalako orrialdeak SOPA legearen aurkako itxialdi digitala burutu ondoren, sarean fitxategiak elkarbanatzeko dagoen biltegi digital handiena ixtea ez zen kasualidadea. Mezu zuzen bat zan:

Adi egon! sarean ez zarete inoiz aske izan, eta zarete inoiz izango!

Egunak pasa ahala gai honen inguruan informazio gehiago kaleratzen ari da, eta jakin izan dudanez, Megaupload ikaragarrizko proiektu bat zuen esku artea. Proiektu hau aurrera aterako balitz (Agian Megaupload ez den beste norbaitek martxan jarri dezake) gaur egun ezagutzen dugun musika industriaren eredu ekonomikoa erabat eraldatuko luke.

Proiektu hau, MegaBox izeneko musika denda berezia zen. Berezia zergatik? ba bere oinarriak edo funtzionatzeko era honako hau izango zelako:

1- Artista bakoitzak bere musika megaBox zerbitzura igo eta berak erabakitako prezio batera salduko zuen.

2- Diska bakoitzaren salmentaren %90 artistarentzat izango litzake eta %10 (hemen dago nobedade aipagarriena) MegaBoxek beraien musika doan jartzea erabaki duten artisten  artean banatuko luke. Artista bakoitzak lortutako deskarga kopuruaren arabera erabakiko litzake zenbat diru merezi duen. Noski, %10 horretatik, zerbait (gaur egun zehaztu gabea) MegaBoxentzako izango litzake.

 

Zoritxarrez, Megaupload itxi dute, beraien zerbitzu guztiak gelditu eta ondorioz zerbitzarietan zeuden fitxategi guztiak konfiskatu.

Egoera honi aurre egiteko, eta protesta moduan, Anonymousek “Martxo beltza” deituriko oparizioa martxan jartzeko deia zabaldu du. Hona hemen komunikatua:

 

Informazioa gehiago: http://www.omicrono.com/2012/01/la-verdad-tras-el-cierre-de-megaupload-megabox-iba-a-revolucionar-el-mercado-discografico/

Software librea (I). Zer da?

Free Software Foundation

Ba al dakizu zer den software librea?

Zuetako gehienek doako programak direla uste du, baina software librea ez da hori bakarrik, eta ez du zertan doakoa izan behar. Software librea, FSF (Free Sofware Fundation)-en arabera, ondorengo lau eskubideak betetzen dituen softwarea da:

0. Helburua edozein dela ere, programa exekutatu ahal izatea.

1. Programa aztertu eta aldatu ahal izatea. (Horretarako beharrezkoa da kodea eskuratu ahal izatea)

2. Programaren kopiak zabaldu ahal izatea.

3. Programa hobetu, eta hobekuntzak horiek publiko egin ahal izatea, komunitatearen onurarako.

Lau eskubide hauek betetzen dituen programa oro librea da. Beraz, posible da software librea saldu eta erostea, nahiz eta ohikoa ez izan.

Software librearen barnean lizentzia mota asko daude. Hau da, aipatutako lau eskubideak bermatzen dituzten lizentzia asko daude, baina lizentzia bakoitzak “klausula” desberdinak ditu eta ondorioz murrizpen gehiago edo gutxiago.

Lizentzia baktzuk:

GPL, AGPL, BSD, MPL, COPYLEFT…

Open Source

Bestalde, software irekia (Open source) dugu. Jende askok nahasten ditu software librea eta software irekia, baina FSF-k dioen bezala, filosofikoki oinarri ezberdineko mugimenduak dira. Nahiz eta praktikan Open Source Softwareak eta software libreak lizentzia asko banatzen dituzten, badira zenbait kasu (ez asko) non lizentziak irekiak diren, baina ez askeak.

Dena dela, post honen helburua ez da, Software ireki eta askearen arteko desberdintasunen berri ematean baizik eta argi edukitzea software libreak ez duela zertan doako softwarea izan beharrik.

Hurrengo post batean, Linux eduki gabe software librea erabiltzen hasteko gomendioak emango ditut.

iturria: euskal wikipedia

 

Guk pribatutasuna galdu, haiek dirua irabazi

Zuri buruz zuk zeuk baino gehiago dakien norbait dago. Ez dakizu non dagoen, ezin duzu ukitu, baina kontatzen diozun guztia gordetzen du.

Ikaragarria da Internetek biltzen duen eduki kopurua. Hau dena kudeatzeko, beste batzuen artean, Google bilatzailea sortu zen. Honi esker, bilatzen ari garen informazioa era azkar eta eroso batean aurki dezakegu Sarean. Denbora epe laburrean, bi lagunen arteko proiektu txiki baten gisara jaio zena multinazional bilakatu da. Hamar urte geroago, beste piztia heldu zen, Facebook sare soziala, eta honekin batera anonimotasuna amaitu zen Interneten. Agur ezizenak, orain izen eta abizenak dabiltza hor zehar, amaraunean.

Google eta Facebook naturaltasunez erabiltzen ditugu konektatzen garen bakoitzean. Munduko enpresa boteretsuenetarikoak dira, baina doako zerbitzua eskaintzen dute. Nola da posible? Nondik lortzen dute dirua? Bi hitz gako negozio hau ulertzeko: informazioa eta publizitatea

Google erabiltzen dugun bakoitzean, gure bilaketak datu base batean gordetzen dira. Modu honetan, Googlek gure interesak ezagutzen ditu. Gainera, bilatzaile soila izatetik haratago, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen dizkigu: e-mail kontuak (Gmail), dokumentuak gorde eta editatzeko aukera (Gdocs), agenda (Gcalendar)… horrenbestez, gure e-mailen, dokumentuen, eta agendako datuen berri ere badu, besteak beste. Alegia, gure interesen eta eguneroko bizitzaren inguruko informazio guztia dute eskuragarri.

Facebookek, bestalde, gure izen-abizenak, lagunak, txutxu-mutxuak, argazkiak, zaletasunak, ideologia, atsegin ditugun orriak… ezagutzen ditu; dena, horman idazten dugun guztia. Pentsa zein garrantzitsuak diren datu hauek ezen Googlek berak ere bere sare soziala atera berri baitu, Google Plus, informazio hau guztia lortzeko.

Izan ere, enpresei publizitate eraginkorra eskaintzeko erabiltzen dute informazio hau. Esan bezala, atsegin dugun edo interesatzen zaigun guztiaren berri dute, eta enpresa multinazionalak dirutza ordaintzeko prest daude publizitate zuzena egitea ahalbidetzen dien datu hauen truke. Horregatik eskaintzen dituzte doan zerbitzu hauek. Zuk haien zerbitzua erabil dezazun nahi dute, zuri buruz gehiago jakin ahal izateko eta hau saltzeko.

Ez da artikulu honen asmoa Google eta Facebook baztertzera bultzatzea, baina bai atzean dagoen informazio trafikoaz ohartaraztea. Gu ez gara zerbitzu hauen jabe. Bertan txertatzen dugun guztia, ordea, euren esku geratzen da; datuok aztertu egiten dituzte eta dirua irabazten dute gure kontura.

Publikazioa: http://www.gaztezulo.com/artikuluak_view.php?uuid=1863

Nabigatu euskaraz kanpainarekin bat

Badakit denbora dexente daramala “Nabigatu Euskaraz” kanpainak martxan, baina ni www.aldakur.net blogaren bitartez gaur hasi naiz parte hartzen. Kanpaina polita iruditzen zait, jende askok ez baitaki euskaraz nabigatzeko aukera dagoela. Kanpainaren orrialdeak dioen bezala:

 

Zure nabigatzaileak Lehenengo hitza euskaraz egin dezan bultzatzeko kanpaina da. Zure nabigatzaileak (menuak edozein hizkuntzatan egon arren), zure hizkuntza hobespenei buruzko informazioa ere ematen du. Hau da, zuk zein hizkuntza nahiago duzun esaten du webgune batera sartzerakoan.

Eta zertarako?

Euskararen pisu espezifikoa Interneten handitzeko (zure nabigatzaileak esaten baitio munduari zein den zure Interneteko ama hizkuntza). Euskara Interneteko hizkuntzarik erabilienen artean jarri behar dugu. Web garatzaileei, Robotei eta Interneteko enpresa handiei erakutsi behar diegu euskaldunok ere existitzen garela; Interneten bagaudela.

    • Webgune eleanitzetan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun.

 

  • Programa bat deskargatzeko orduan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun (baldin badago).

Beraz, badakizue, euskaraz nabigatzen ez baduzue, blog honetan agertu zaizuen abisuari kasu egin eta nabigatzailea euskaraz nabigatzeko konfiguratu!

Amazon EC2 urte betez doainik I

Gero eta ohikoagoak bihurtzen ari dira zerbitzari birtualak, hau da, zerbitzari fisiko bat “zatitu” ondoren, bertan “instalatutako” zerbitzariak, hardware fisiko bakarrean zerbitzari ugari birtualizatuz. Interneten hainbat enpresa aurki ditzakegu urtean diru kantitate baten truke (Hardwarearen arabera) zerbitzari birtual bat eskaintzen digutenak.

Hau aukera egokia izaten da enpresa txikientzat edo teknologian saltseatzea gustatzen zaigunontzat. Nik, adibidez, askotan pentsatu izan dut zerbitzari birtual bat kontratatzean, baina oraingoz Dreamhost-en dudan hosting-arekin asetzen ditut nire beharrak. Nire bloga eta web orrialdea martxan ditut esaterako, eta panel erakargarri baten bitartez kudeatzen ditut.

Dena den, beti galdetu izan diot nire buruari nolakoa izango litzakeen nire zerbitzari propioa kudeatzea. Izan ere, gaur egun ezin dut zerbitzaria nik nahi dudan erara konfiguratu, hau dreamhost-ek egiten baitu. Baina, Amazon-i esker, probatxo batzuk egin ditzaket. Amaznon-en zerbitzari birtualak kontratatzeko aukera dago, eta hilabete batzuk dira zerbitzari mota bat (micro) doan edukitzeko aukera ematen dutela. Noski, doanik denez, bere mugak ditu, baina probatxo batzuk egiteko eta pixkanaka ikasten joateko nahikoa da.

Jadanik, nirea martxan daukat eta Ubuntu 10.04 LTS aukeratu dut sistema eragile gisa. Post hau idazten dudan momentuan, Apache instalatu berri izango dut, eta laster PHP+MySql instalatu eta Harrika taldearen web orria bertan sartuko dut.

Hurrengo postean zuen micro zerbitzaria nola kontratatu azalduko dut.

Doako zerbitzuaren xehetasunak:  http://aws.amazon.com/es/free/

Ubuntu One

Ubuntu-One

Orain arte Dropbox erabiltzen nuen nire dokumentu batzuk hodeian gordetzeko. Modu honetan, edozein momentutan edozein tresnarekin (PC-Mugikorra-tablet) dokumentu horiek eskuragarri nituen. Egia esan behar badut oso gustura nago Dropboxek eskaintzen didan zerbitzuarekin, baina Ubuntu One probatzen hasi naiz. Dakizuenez erosoago sentitzen naiz Software librearen munduan, nahiz eta Ubuntu One zerbitzua inplementatzen dituzten aplikazio eta sistema guztiak ez izan erabat libreak.

Ubuntu 11.04 bertsioan probatu dut eta nahiko gustura geratu naiz. Sistema eragilean integratuta datorrenez ez da ezer instalatu behar. Ubuntu One zerbitzuan erregistratzearekin nahikoa da.

Funtzionamendua Dropboxena bezalakoa da. Gure Home karpetan Ubuntu One izeneko beste karpeta bat dugu. Karpeta hau Canonicalek eskeintzen digun hodei zatitxoarekin sinkronitzatzen da, beraz bertan gordetzen dugun guztia hodeira igoko da. Bestalde, Ubuntu One karpetaren barnean ez dagoen beste karpetaren bat hodeira igotzeko aukera dago, beraz alde honetatik zerbitzua nahiko erosoa da.

Edozein ordenadoretik gure Hodei zatitxora sartu gaitezke https://one.ubuntu.com/ helbidearen bitartez. Esan beharra dago hasiera batean 5GBeko hodei zatitxoa izango dugula gure esku. Clouding Computer mundutxo honetan pixkana muturra sartzeko nahiko dela iruditzen zait.

Bestalde, mugikor eta tabletentzako Ubuntu One aplikazioa dago. Nire ustez puntu hau oso garrantzitsua da. Neretzako dokumentu edo argazki batzuk beti eskuragarri edukitzea oso garrantzitsua baita. Nik Android sistemarentzako dagoen Ubuntu One File aplikazioa probatu dut. Esan beharra dago Dropboxen web aplikazioa eta mugikor aplikazioa erabilgarriagoak direla, aukera gehiago baitituzte. Baina, denbora pixka bat eman beharko diegu Canonicaleko lagunei ezta? :-)

Esan bezala, Ubuntu One File aplikazioa pixka bat mugatua dela iruditu zait, baina egiten duena ongi egiten du, eta sinkronizazio munduan hau ez da gutxi.

Eta zer gertatzen da Windows sistema eragilea duten ordenagailuekin? Ba, momentu honetan, beta bertsio bat deskargatzeko aukera dago hemen. Nik bi ordenagailutan instalatu dut (biak XP), eta esan beharra dut sinkronizazioa ez dela burutu. Beraz… kk.

Laburbilduz

Ubuntu One zerbitzuak ongi funtzionatzen du Ubuntu Sistema eragilean. Windows sistema eragileko aplikazioarekin, ordea, ez dut zorte berdina eduki, baina ezin ahaztu beta bertsio bat dela.

Ubuntu One-eko Web zerbitzua eta Android sistema eragilearentzat Ubuntu One File aplikazioa pixka bat mugatua dela iruditzen zait baina bere eginkizuna ondo betetzen dute.

iPhone eta iPadentzako aplikazioa eskuragarri dago. Ez dut probatu ez baitut ez iPhoneik ezta iPadik ere.

Aipatu beharra dago, Ubuntu One Music zerbitzua badagoela. Lehen hilabetea dohainik da eta ondoren 3.99 $ ordaindu behar da hilero.

Bestalde, gure laster markak, kontaktuak eta Tomboyeko oharrak gure hodei zatitxoarekin sinkronizatzeko aukera dugu, baina hau beste post batentzat utziko dut.

Tutorial interesgarriak https://one.ubuntu.com/help/tutorial/ helbidean.