Aplikazio osasuntsuak
2012-06-26 android
Batzuei halakorik sinestea kosta egiten zaien arren, kirola egitea, osasuntsua ez ezik, dibertigarria ere izan daiteke. Azkenaldian, teknologia berriak bidelagun ditugu honetan.
Korrika edo bizikletaz ze ibilbide egin dugun, zenbateko distantziatan mugitu garen, lagun koadrilan marka onenak zeinek dituen… guztia jakin dezakegu, diru gutxiren truke gainera. GPSa eta Internet konexioa ahalbidetuko dizkizun smartphone batean aplikazio egokia instalatzea nahikoa da horretarako.
Adidas miCoach doako aplikazioarekin entrenatzaile pertsonala eduki dezakegu, geuretzat bakarrik. www.micoach.com webgunean izena ematea eta aplikazioa gure smartphonean instalatzea da egin behar dugun gauza bakarra. Entrenamendu bereziak programatzeko aukera ere badugu atari honetan, pisua galdu edota distantzia handiko lasterketa bat prestatzeko, adibidez. Lortu nahi dugun helburu horretara bideratutako entrenamendu plangintza bat sortuko digu, eta smartphonearen bitartez kontrolatu ahal izango dugu garapen osoa. Baina zure asmoa inongo jarraipenik gabe saio askeak egitea baldin bada, horretarako ere balio dizu honek: egindako ibilbidea, distantzia, denbora, eta batez besteko abiadura erregistra ditzakezu.
Bestelako helburua du www.endomondo.com orrialdean izena emanez gero eskura daitekeen Endomondo aplikazioak. Honetan, lagunartean aurrera eramandako entrenamenduak elkarbanatzea eta elkar desafiatzea da eskaintza nagusia. Facebooken eta Twitterren gertatzen den bezala, hemen ere loturak sortzen dira jendearen artean, eta lagunek egindako kirol saioak ikusi eta iruzkindu daitezke. Erronka bat sortu dezakegu edo sortuta dagoen bat onartu; esaterako, lagun artean ea nor den bost kilometro azkarren egiteko gai. Eta, zergatik ez, Euskal Herri osoari zabal diezaiokezue desafioa! Bestalde, kirol jakin baten zale amorratuak zaretenek jakin ezazue taldeak sortzeko aukera duzuela. Endomondon kirol asko erregistra daitezke: lasterketak, arrauna, txirrindularitza, patinajea… Gainera, aurrera egin ahala, zenbat hanburgesa erre ditugun, lurrari zenbat bira eman dizkiogun edota ilargira zenbat bidaia egin ditugun kontatuko digu. Dena den, soilik kirol pixka bat egitea bada zure asmoa, inongo apusturik gabe, baina ez badakizu zein ibilbide egin, besteek lehenago egindakoak jarrai ditzakezu. Bat aukeratu eta smartphonearen GPSaz balia zaitezke ez galtzeko.
 Jakina, gimnasiotik atera gabe gorputza lantzea da beste alternatiba bat. Honetan ere, smartphonea lagun izango dugu. Kasu honetan, garrantzitsua da makina bakoitzean eta ariketa bakoitza eginez igaro beharreko denbora ongi neurtzea, baita saio eta saio artean deskantsatu beharrekoa ere. Interval Timer aplikazioarekin guztia kontrolatu ahal izango dugu.
 Oraingoan bai, ez duzue aitzakiarik. Kirola egitea inoiz baino dibertigarriagoa izango da. Animo eta gogoratu: etxetik ateratzea da gogorrena!
 Publikazioa: http://www.gaztezulo.com/artikuluak_view.php?uuid=1932
Iruzkinak