Burujabetza digitala: erronka estrategikoa Europan
2026-01-21 Software librea
Software librearen munduan murgilduta gaudenok askotan aipatu izan dugu teknologia arloan enpresa handiekin dugun harremana arriskutsua izan daitekeela. Askotan adierazi dugu gure datu pribatuak haien esku daudela, baina joan gaitezen pixka bat harago. Jar dezagun adibide zehatz bat: Google eta bere zerbitzuak. Bilatzailea ez ezik, Googlek eskaintzen dizkigun zerbitzu garrantzitsuenak Gmail, Drive eta Photos dira, eta gutako gehienok egunero erabiltzen ditugu. Zer esanik ez instituzio, ikastetxe eta enpresa garrantzitsuez hitz egiten badugu.
Ezinezkoa zirudien arren, AEBekin Europak duen harremana pixkanaka okertzen ari da; beraz, zer egingo genuke Trumpek bat-batean zerbitzu horiek guztiak eteteko agindua emango balu? Egia da, surrealista dirudi, baina gaur egun edozer da posible.
Gure zerbitzu propioak eraikita izango bagenitu, arazoa ez litzateke hain larria izango; baina momentuz, erabateko menpekotasuna dugu AEBek eskaintzen dizkiguten zerbitzuekiko. Ondorioz, itzalaldi teknologiko bat saihestu nahi bagenu, Trumpen eskaera guztiak onartu beharko genituzke.
Horregatik da hain garrantzitsua software librea: gure azpiegitura teknologiko propioak sortu eta kudeatzeko aukera ematen digulako. Gutako bakoitzak Google zerbitzuak egunero erabiltzeak bere arriskuak ditu, baina konponbidea erraza izan daiteke. Kostata, bai, baina ohitura kontua da, eta denbora pixka batekin normaltasunera itzuliko ginateke; hala ere, instituzio ofizialei dagokienez, ezin dugu gauza bera esan.
Duela urte batzuk, honen inguruko alternatibak azaltzen zituen posta sorta bat prestatu nuen, eta gaur egun inoiz baino indar handiagoa dute. Nik, nire aldetik, pauso txikiak eman ditut: Nextcloud, PuntuEUS e-maila… zerbitzuak martxan jarri eta pixkanaka erabiltzen hasia naiz. Askotan aipatu dudan bezala, Googlekiko dudan mendekotasuna oraindik ere handia da, baina edozer gertatuko balitz, prestaketa minimoa eginda daukat dagoeneko.
Arlo honetan bertan laguntzeko prest nago; beraz, sarean aurkituko nauzue:
Iruzkinak