Gelditu denbora
2025-10-29 Irakaskuntza
Informatikaren garapenaren abiadurak beti eragin dit kezka. Egunero teknologia berrien berri izaten dugu, eta aurrekoak behar bezala barneratu gabe, berrien ezagutza asimilatzen hasi behar izaten dugu. Egoera hori bai softwarean bai hardwarean gertatzen da, salbuespenik gabe.
Hezkuntzan dihardudanetik, teknologia berriak ezagutzeko presioa are handiagoa da, ikasleek prestakuntza eguneratu eta kalitate onenekoa jaso dezaten helburuarekin. Hala ere, teknologia berrien garapenaren abiadura beti izango da gure eguneroko erritmoa baino azkarragoa.
Azken urteotan, adimen artifiziala (AA) bilakatu da gure esparruaren ardatz nagusi. Ikasleek, modu naturalean, egunero erabiltzen dituzte ChatGPT edo Gemini bezalako tresnak; horren ondorioz, askotan jasotzen duten ezagutza sakonagoa izan beharrean azalekoa da. Zergatik? Izan ere, AArekin batera ikasi beharrean, zuzenean ariketen emaitzak eskatzen dizkietelako. Adimen artifiziala ikaskuntza-prozesuan bide-lagun bikaina izan daiteke, baina oso kaltegarria da hausnarketarik gabe erantzunak lortzeko soilik erabiltzen bada.
Edonola ere, ez naiz AAren hater bat. Teknologia berri hau gurekin bizikidetzan aritzeko etorri da, eta uste dut bere hazkundea esponentziala izango dela datozen urteetan. Hori dela eta, informatikako irakasleok bide bakarra dugu: teknologia hau ikasi, ulertu eta gure ikasgelan modu eraginkorrean txertatzeko estrategia egokienak aurkitzea.
Nik neuk, urte batzuen ostean, EHUk eskaintzen duen “Agentes IA” prestakuntzan parte hartzeko aukera izango dut. Erronka hau ilusio handiz hartu dut, alde batetik Junan Pereira izango delako irakaslea (informatikan izan dudan maisurik onena), eta bestetik, AAren munduan lehen urrats serioa egiteko aukera paregabea eskaintzen didalako.
Oharra: adimen artifizialak zuzendutako testua.
 
							
Iruzkinak