Handiengandik ihes egiten I
2020-05-20 Handiengandik ihes egiten Software librea
Edukia
Independentzia teknologikoaren bidean
Zaila bada ere pixkanaka-pixkanaka enpresa teknologiko handiek eskaintzen dizkiguten doako zerbitzuak erabiltzeari utzi nahi diot, eta hauen alternatiba bezala software librea oinarri bezala duten aukerak erabili edo nire baliabide propioak martxan jarri nahi ditut. Ez da erraza, eta era bateko independentzia teknologikoa ez dudala lortuko jakin badakit. Baina, behintzat, enpresa handi horiekiko dependentzia hori mugatu ahal badut saiakera bat egingo dut. Gero gerokoak.
Nire egunerokotasunean enpresa hauen zerbitzu ugari erabiltzen ditut. Esate baterako, nire Smartphonea Googleek dituen zerbitzuz josita daukat; Gmail, Calendar, Drive, Keep… Beraz, Smartphone kontua beste momentu baterako utzi beharko dut. Aldaketa txikiak lehenengo, eta agian, ahal bada, aldaketa sakonagoak etorkizunean.
Informatikaria izan behar zara planteatuko ditudan aldaketak egiteko?
Abentura honetan zehar mota askotako aldaketak proposatuko ditut eta guztiak ez dira edozeinen esku egongo. Aldaketa batzuk burutzeko, zerbitzariak kontratatu eta hauek konfiguratzea beharrezkoa izango da. Baina, kasu horietan, alternatibak planteatzen saiatuko naiz. Hasteko, post honetan eta hurrengoan planteatuko ditudanak edozeinek burutu ditzazke.
Ni informatikaria naiz, baina, ulertzen dut jendearen beharrak beste batzuk direla. Jendeak zerbitzu bat behar duenean arlo teknikoa ezin du oztopo bat izan. Gehienetan, beharrak, momentuan asetu behar dira. Soluzio zuzena behar dute, eta gaur egun ezagutzen ditugun enpresa erraldoiak oso ondo erantzuten diote horri. Itxuraz, soilik gure emaila behar duten zerbitzu oso onak eta doakoak eskainiz.
Nik ere askotan, gehienetan, behar horiek ditut. Ez dut arlo teknikoan denbora galtzeko astirik. Informatika oso zabala da eta ezinezkoa da arlo guztiak kontrolpean izatea. Horregatik, nik ere enpresa erraldoi horien zerbitzu asko erabiltzen ditut eta kasu batzuetan nahi eta nahi ez erabiltzen jarraitu beharko dut.
Nabigatzailea: Firefox
Aldaketa errazena izan daiteke. Zalantzarik gabe danok egin dezakegun aldaketa da. Interneten nabigatzeko Firefox nabigatzailea erabiltzen hasi naiz.
Ez dut inoiz Firefox erabiltzeari utzi. Nire lantokian egunero erabiltzen dudan nabigatzailea da, baina, arlo pertsonalean pixkanaka-pixkanaka baztertu dut. Honen ordez, tresna ezberdinak erabili izan ohi ditut. Chromium, Brave eta Chrome nabigatzaileak alegia. 3 horien artean Chrome da jabedun osagaiak dituen bakarra eta ospe handiena duena ere. Nola ez du ospea handia izango, Googleen nabigatzailea bait da. Bere momentuan Microsoftek Internet Explorerrekin burututako antzeko estrategia baten bitartez nabigatzaile erabiliena bilakatu da eta ni ere bere atzaparretan erori naiz.
Baina, honi buelta ematen hasia naiz. Firefox da nire ordenagailuan eta Smartphonean lehenetsita dudan aukera. Gainera, Librezaleko lagunei esker euskaraz eduki dezakegu.
Zergatik Firefox eta ez beste nabigatzaile libre bat?
Aipatu ditudan Chromium eta Brave nabigatzaileak software librea dira. Gure pribatutasuna bermatzen saiatzen dira, baina nire ikuspuntutik Firefoxek abantail txiki bat du. Mozilla foundation. Mozilla fundazioa (euskal wikipedia sarrera hemen) irabazi asmorik gabeko erakundea izateaz gain internetaren neutraltasuna defenditu duen erakundea izan da beti. Agian, erromantiko bat naiz, ez dakit, baina, soilik urte luze hauen ibilbideagatik bada ere, nire konfiantza irabazita dauka. Noizbait desagertuko balitz faltan botako genuke seguru.
Beraz, hau izan da egin dudan lehen aldaketa. Aldaketa ugari etorriko dira ondorengo hilabeteetan eta blog honen bitartez hauen berri izango du. Ahal dudan kasuetan zuk ere aldaketak burutu ahal izateko pausoak azaltzen saiatuko naiz. Oraingoan Firefoxen ordua da, eta uste dut gida lerro handirik ez duela behar. Deskargatu instalatu eta erabili.
Hemen deskarga loturak:
PC: https://www.mozilla.org/eu/firefox/new/
Android: https://play.google.com/store/apps/details?id=org.mozilla.firefox
iOS (iPhone): https://apps.apple.com/us/app/firefox-private-safe-browser/id989804926
Iruzkinak