Liburutegi osoa patrikan
2012-11-19 miscellaneous
Mota askotakoak ditugu aukeran. Batzuek pantaila ukigarria dute, zuri-beltzean nahiz koloretan dira, beste batzuek wifi eta 3G konexioa ere eskaintzen dute. Orduan, ze irizpide jarraitu behar dugu e-book egokia erosteko?
Pantaila oso garrantzitsua da, bertan irakurriko baititugu liburuak. Tamainari dagokionez, e-book gehienak antzekoak dira, hazbete gutxiko diferentzia dago batetik bestera. Aldea, ordea, handiagoa da funtzionalitateari erreparatuz gero. Hau da, batzuk ukigarriak dira eta beste batzuk ez. Esaldi edo paragrafo bakoitzeko ohartxoren bat idazten duten horietakoa baldin bazara, pantaila ukigarria oso lagungarria izango zaizu, bestela oso motela eta deserosoa izan daiteke-eta idazten ibiltzea.
Konektibitateari arreta eskaintzea ere komeni da. Esan bezala, wifi edo 3G konexioa duten irakurgailuak eskura ditzakegu, bi funtziorekin: alde batetik, liburu-denda digitaletatik zuzenean erosi ahal izateko, Kindle irakurgailuaren kasua esate baterako; eta bestetik, Interneten nabigatu ahal izateko. Kontuan hartu behar dugu irakurgailua ez dela ordenagailu edo Tablet arrunt bat, beraz, Sarean nabigatzeko abiadura eta erosotasuna agian ez da espero bezain handia izango.
 Pantailarekin eta konektibitatearekin lotuta daude tamaina eta pisua. Zenbat eta pantaila handiagoa, orduan eta astunagoa izango da. Wifi eta 3G konektibitatearekin, noski, gauza bera gertatzen da. Beraz, bidaiari sutsuak baldin bagara, agian ez gaitu hainbeste arduratuko Internet konexioa edukitzeak, eta horren ordez, gailu arina lehenetsiko dugu.
 Bateriaren kontura ez dugu arazorik izango. Gaur egun merkatuan dauden irakurgailu elektroniko gehienek tinta elektronikoa darabilten pantailak dakartzate. Sistema honi esker, bateriaren errendimendua oso altua da; fabrikatzaileek diotenez, hilabete eta bi hilabete artean irauten dute.
 Hori bai, ezinbestean aintzat hartu beharrekoa honakoa da: e-bookak zer fitxategi mota irakur dezakeen. Gehienak PDF eta EPUB formatuak irakurtzeko gai dira. Azken hau formatu askea da, baina Amazonen Kindel irakurgailu elektroniko famatuak, adibidez, ez du EPUB irakurtzen eta, horren ordez, beraiek garatutako Mobi formatua onartzen du.
 Bukatzeko, ezin prezioarekin ahaztu, hau ere garrantzitsua da eta. Azken urte honetan, dezente merketu dira eta, aipatutako ezaugarrien arabera, 80 eta 250 euro artean dabiltza.
 Laburbilduz, beraz, begi aurrean izugarrizko merkatu zabal eta anitza dugu ezaugarri nahiz prezioei dagokionez, eta horregatik, gomendagarria da ezer erosi aurretik zer eta zertarako behar dugun argi edukitzea, ondoren gure beharretara hobekien egokituko den e-booka aukeratzeko. Izan ere, batzuek liburuak irakurtzearekin nahikoa izango dute eta 100 euroren truke aukera politak topatuko dituzte; besteren batek eserlekutik mugitu gabe liburuak erosi ahal izatea bilatuko du, eta egongo da, baita ere, liburuak irakurri eta erosteaz gain Interneten nabigatu nahi izango duenik. Zure beharra edozein izanik ere, badago zuretzako moduko e-booka.
Publikazioa:Â http://www.gaztezulo.com/artikuluak_view.php?uuid=1948
Iruzkinak